XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Psikologiaren oinarrizko lege ezagun batek dioenez, geure baitan osatzen ditugun barne-irudiek elkar erakartzen dute, antzekoak direnean; elkarri eraginez, kontzientzian batera azalarazten du batak bestea.

Honen gisako lege bat onartu beharra dago sentimenduen kasuan ere. Sentipen jakin batek bere antzeko beste sentipen bat mugiarazi dezake, eta baita lortu ere, nik neuk, antzekoen arteko erakargarritasun-legearen baldintzapean, beste hori sentitzea lehenengo harekin batera.

Beraz, barne-irudien maila-aldaketak gerta daitezkeen era berdinera, (X errepresentazioa nigan biltzen dudalarik Y errepresentazioaren ordez) alda daitezke sentipenak ere, eta horrela, inpresio jakin baten aurrean, X sentimendua izan daiteke norbaiten erreakzioa, nahiz eta, kasu horretan, Y sentimendua litzatekeen aproposena nahiz normalena.

Areago oraindik, badut sentimendu batetik bestera pasatzerik ere, ia konturagabe, iraganbidea pausoz pauso eginez, X sentipena ezarian itzaltzen zaidan neurrian eta eragina izan den bestea, Y sentipena, beraz, neurri berean azkartzen eta indartzen.

Kontuz, ordea: Horrelako iraganbidean batetik besterakoa egiten duena ez da-eta sentipena bera, ez baitu honek pixkanaka bere koalitatea aldatzen beste zerbait bihurtzeraino: ez gaude, beraz, garapen-bidezko aldaketa baten aurrean! Alderantziz; neu naiz, barne-egoera aldatzen zaidalarik, lehenengo sentipena gradualki makaldu eta bigarrena azkartzen zaidan neurri beretsuan, batetik besterainoko iraganbidea egiten duena.

Sentipen jakin bat berak bestelako bat bihurtzerainoko iraganbidea egitea, hori bai litzatekeela benetako izaera-aldaketa. Horrelako zerbait, ordea, psikologiazko alkimia izango litzateke, metal bastoa urre bihurtu nahia.

Eta izate-aldaketa hauxe da, hain justu, eboluzionismo berria transformismo izena hartu behar lukeenak! diogun gaiaz ari delarik, gogoan duena.